Paper-Zapiak 2017-11-03T10:14:26+00:00

ZEIN DA AZAROA?

Arazoaren azalpena oso-oso erraza da. Euskadin, urtez urte, 2.400 tona paper-zapi baino gehiago komunetik botatzen dira, eta kopuru hori era esponentzialean hazten ari da. Paper-zapiak ez dira behar bezain azkar disolbatzen, ur-araztegira iritsi aurretik erabat deuseztatuta egon daitezen. Ondorioz, butxadura eta matxura larriak sorrararazten dituzte saneamendu-sarean, eta horien konponketak milioi bat euroko gainkostua ekartzen du urtero. Pentsa ezazu une batez zenbat gauza egin daitezkeen dirutza horrekin, punpaketa-estazioak eta Hondakin Uren Araztegiak konpontzeko erabili behar ez bagenu. Guztion artean, sistema oztopatzen eta itotzen ari den munstro handi bat sortu dugu.

NORENA DA ERANTZUKIZUNA?

Ez zaigu batere gustatzen atzamarraz salatzen ibiltzea, baina oraingoan ez daukagu beste erremediorik. Zuk ere erantzukizuna duzu arazo honetan. Zuk ere laguntzen diozu munstroari hondakinez elika dadin, paper-zapi bat komunetik botatzen duzun bakoitzean. Bai, bai, oso erosoa dela komun-ontzia edukiontzia balitz bezala erabiltzea, mamitako baten hondarrak, iraungitako sendagaiak, bestelako hondakinak eta, nola ez, munduan diren paper-zapi guztiak txintik esan gabe irents ditzan. Baina gogoan izan, zeuk ikusi ez arren, hondakin horiek ez direla aztikeriaz desagertzen.

ZEIN DA KONPONBIDEA?

Seguraski harrituta utziko zaitu konponbidearen errazak: ez itzazu paper-zapiak komunetik bota. Jar ezazu paperontzi bat komun-ontziaren ondoan, begien bistan, paper-zapiak komunetik botatzeko tentaziorik izan ez dezazun. Eutsi egun pare batez, har ezazu behar duzun denbora ohitura okerrak aldatzeko. Etxeko hondakinak zentzuz eta ingurumenarekiko errespetuz tratatu besterik ez duzu egin behar. Aurrerantzean, ez elikatu munstroa.

Ez elikatu Munstroa kanpainaren bitartez, paper-zapiak komunetik botatzeak dakartzan arriskuak ezagutarazi nahi zaizkie herritarrei, ohitura arduratsuak sustatuz. Ahalegin honetarako, indarrak bildu dituzte zortzi erakunderen artean: Uraren Euskal Agentziak (URA), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Gasteizko Udal Urak (AMVISA), Añarbeko Urak, Arabako Errioxako Ur Partzuergoa, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Kantauriko Urkidetza eta Txingudiko Zerbitzuak. Ekimena Aclima Euskadiko Ingurumen Klusterrak koordinatu du, eta hiri-arroen degradazioaren aurka borroka egitea helburu duen “Herritarren ohiturak eta urgaineratutako kutsatzaileak” delako hedapen handiagoko proiektuaren barruan mamitu da.

Sustatzaileak:

Amivisa
Agasa
Consorcio de Aguas
Busturialdekoura
Consorcio Aguas Rioja Alavesa
Kantaurikourkidetza
Txingudi
Uragentzia

Koordinatzailea: