Ohiko Galderak

Ohiko Galderak 2017-10-27T10:02:06+00:00
Zergatik ez dut paper-zapi bat ere komunetik bota behar? 2017-10-26T22:25:20+00:00

Paper-zapien etiketa askok komunetik bota daitezkeela dioten arren, egia esanda, produktu hauek ez dira behar bezain azkar deuseztatzen, eta punpaketa-estazioetara nahiz ur-araztegietara iristen direnerako osorik jarraitzen dute gehienetan, saneamendu-sareetan sekulako butxadura eta matxura larriak eraginez.

Eta inork ikusi gabe botatzen badut, zer gertatzen da? 2017-10-26T22:24:31+00:00

Deus gutxi: urtero Euskadin komunetik bota eta hondakin-uren saneamendu-sistemak, araztegiak eta punpaketa-estazioak saturatzen dituzten 2.400 tona paper-zapi horiek areagotzen lagunduko duzula. Saneamendu-sarean gertatzen diren butxaduren eta matxuren eraginez, milioi bat euro inguruko inbertsio osagarriak egin behar izaten dira urtero, konponketa-lanak egiteko edo konponbide tekniko berriak gaineratzeko.

Baina komun-ontziak ez du dena irensten? 2017-10-26T22:23:46+00:00

Ez, komun-ontzia ez da edukiontzia. Komuna gorozkiak eta komuneko papera botatzeko erabili behar da. Besterik ez. Hondakin uren saneamendu eta tratamendu sistemak bi hondakin-mota horiek prozesatzeko diseinatuta daude. Gainerako hondakinak beste kanal batzuen bitartez prozesatu behar dira butxadurak eta matxurak saihesteko. Horrez gain, badira etxeko eta hiri-eremuko beste hondakin batzuk, urgaineratutako hondakinak deritzenak, osasunaren eta ingurumenaren gainean deskribatuta ez dauden efektuak eragiten dituztenak. Hauen kasuan, giltzarrizkoa da prebentzioa sustatzea, komunetik bota ez daitezen.

Baina paper-zapiak itsasora iristen dira? 2017-10-26T22:23:07+00:00

Saneamendu-sistemak eta ur-araztegiak kutsatutako urak itsasora iristea eragozten duten iragazkiak dira. Hori da haien eginkizuna, eta oso-osorik betetzen dute. Baina gaur egun erabiltzen ditugun neurketa-sistema aurreratuei esker, nanogramo litroko kontzentrazioak detekta daitezke. Hondakin uren tratamendurako ohiko instalazioak ez daude diseinatuta mikrokutsatzaile-mota horiek deuseztatzeko, eta ondorioz, kasu batzuetan, horien garbiketa ez da erabatekoa. Paper-zapia itsasora iritsi ez arren, ezin da aurreikusi komunetik botatzen ditugun produktu higienikoetako kutsatzaileek izan dezaketen inpaktua.

Zeintzuk dira Ez Elikatu Munstroa kanpainaren nondik norakoak? 2017-10-26T22:22:27+00:00

Kanpainaren helburua, komunetik behar ez diren hondakinak eta bereziki paper-zapiak botatzeko ohitura okerrak dakartzan ondorio tekniko eta ekonomiko larriez ohartaraztea da.

Honen bitartez, kontzientziazio sozial handiagoa sustatu nahi da, jardunbide eta erabilera arduratsuagooak bultzatzeko modukoa. Komunak ez baitu dena irensten. Beraz, herritarrok geure esku daukagu arazoaren konponbidearen zati handi bat, baldin eta paper-zapiak zaborra biltzeko ontzietara botatzen baditugu.

Kanpaina 2016. urte osoan egingo da, komunetik botatako hondakinez elikatzen den munstro bat iradokitzen duen inpaktu handiko irudikapen grafiko ausart bezain lotsagabearen laguntzaz.

Kanpaina honek 50.000 euro inguruko kostua izango du eta honako erakunde hauek bultzatu dute: Uraren Euskal Agentzia (URA), Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Gasteizko Udal Urak (AMVISA), Añarbeko Urak, Arabako Errioxako Ur Partzuergoa, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Kantauriko Urkidetza eta Txingudiko Zerbitzuak. Ekimena Aclima Euskadiko Ingurumen Klusterrak koordinatu du.