Gasteizko “etxe berdeak”, kutsatzaile berrien aurkako borrokan

Kutsatzaile berriei buruzko lantegi batean izan dira “Etxe berdeak” ekimeneko familiak.

Gasteizko Udalaren ekimenez sortua da “Etxe berdeak”, eta hau du helburu: ingurumenaren aldeko jarrera sustatzea hiriko familien artean. “Herritarren ohiturak eta kutsatzaile berriak” lankidetza-proiektuak antolatutako kutsatzaile berriei buruzko lantegi batean hartu dute parte ekimen horretako familiek. Proiektu horretako partaide dira Euskadiko ur-partzuergoak, Uraren Euskal Agentzia (URA) eta Aclima ere. Ekimenaren xedea, berriz, hau da: aurre egitea “hiri-arroetako kutsadura lausoari”, hots, etxeen eta hiriguneetako hirugarren sektorearen isurketa kontrolgabeei, zuzenean eragiten baitiete uraren saneamendu- eta tratamendu-sistemei eta uraren kalitateari. “Ez elikatu munstroa” dibulgazio-kanpaina ere ekimen horren barrukoa da.

Lantegiaren xedea, berriz, hau zen: gizartea kontzientziatzea badirela substantzia kutsatzaile batzuk herritarrek egunero erabiltzen dituztenak kutsatzaile direla jakin gabe.

Uraren hiriko zikloa ezagutzeko aukera izan dute familiek hitzaldi horretan, eta jabetzeko zer-nolako eragina duten denon ohiturek kontsumo-uretan, osasunean eta, noski, saneamendu-sarean.

Gainera, xehe aztertu dute etxe arrunt baten gela bakoitza (sukaldea, komuna, lorategia eta abar), eta ohartu dira zenbat eta zenbat produktu kimiko erabiltzen diren etxeetan, eta zeinen “ezkutuan” egon ohi diren gehienak.

Gaur egungo kutsatzaile berri gehienak ezagutzeko aukera izan dute, honenbestez, eta substantzia horietako bakoitzak gizakion osasunari eta ingurumenari zer kalte eragiten dizkion jakiteko. Gogoeta horri esker, familiak jabetu dira gutako bakoitzaren jarduera indibidualek kutsadura-maila larriak sortzen dituztela, eta kutsadura horrek inpaktu oso kaltegarriak eragiten dituela saneamendu-sarean (buxadurak, hodi-hausturak…), osasunean (substantzia toxikoekiko kontaktua…) eta ingurumenean (uraren poluzioa, arrainen intoxikazioa…).

Galdera ugari egin dira lantegian; honako hauek, besteak beste: Berdin garbitzen al dute arropa xaboi natural tradizionalek eta egungo xaboi sintetikoek? Leungarrien erabilerak zergatik areagotzen du mikrozuntzen kantitatea garbiketa bakoitzean?

Zorionez, Europan geroz eta kezka handiagoa ari dira sortzen kutsatzaile berriak, eta herrialde batzuetan hasi dira haiei aurre egiten eta haien erabilera arautzen. Hori dela eta, gai horri buruzko geroz eta webgune eta aplikazio gehiago daude; adibidez, NONHAZCITY proiektu europarra (http://nonhazcity.eu/), zeinaren helburua baita substantzia arriskutsuen kontsumoa gutxitzea, haien isurketa-lekutik abiatuta, hots, etxeetatik eta enpresa pribatuetatik. Zenbait ordezko aukera eta gomendio ere badakartza webgune horrek, erakusteko zer egin dezakegun gure eguneroko jarduerek ingurumenean, gizakion osasunean eta saneamendu-sarean duten eragina gutxitzeko.

Hor duzue, bestalde, “Ez elikatu munstroa” kanpainaren webgunea ere https://munstrowc.eus/contaminantes-emergentes/, non bideo xume baten bidez azaltzen diguten zer diren kutsatzaile berriak eta zer egin daitekeen arazoa konpontzeko.

2018-07-16T14:02:10+00:00 16 July, 2018|