Ez elikatu munstroa” kanpainarekin bat egiten du

Bizkaiko ikastetxe horretako ikasle batzuek, suspertzen ari diren kutsatzaileei buruzko tailer batean parte hartu dute

La Salle Bilbao ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako hainbat ikaslek, saneamendu-sarean kutsagarriak erabiltzeaz kontzientziatzeko tailer batzuetan parte hartu dute azaroan. Ikastaro horiek Cimas-ek eman ditu “Herritarren ohiturak eta suspertzen ari diren kutsatzaileak” proiektuaren barruan. Proiektu horretan, hain zuzen, Euskadiko Ur Erakunde Publikoen Sareak parte hartzen du, Euskadiko ingurumen-sektoreko Kluster Aclima-ren koordinaziopean.

Jarduera hori SEIN (Berrikuntza Bigarren Hezkuntzan) proiektuaren barruan dago. Izan ere, hainbat alderdiz aritzeko ezarri da ekimena Bilboko ikastetxean, hala nola, arazoak sormenaz konpontzeaz, ikaskuntzaren kudeaketa autonomoaz eta lankidetzako lanaz. Ildo horri jarraiki, SEIN proiektuaren barruan garatu dira tailerrak La Salle ikastetxean, eta ikasleek nahiz irakasleek elkarrekin lan egiten dute tailerrak arrakastatsuak izan daitezen. Prestakuntza-ikastaroetan DBHko 1., 3. eta 4. mailetako 300 ikasle parte hartu dute.

Ikasleek hurbiletik ezagutu dituzte uraren hiri-zikloa eta gure ohiturek kontsumoko uren eta saneamendu-sarearen gainean duten ondorioa. Horiek horrela, gogoeta egiteko aukera izan dute, beren ohiturak aztertu baitituzte eta, esnatzen direnetik oheratu arte, egunero erabiltzen dituzten produktu kimikoen benetako kantitateaz jabetu baitira.

Esaterako, gaur egun dauden kutsatzaile-motak ezagutu dituzte, baita kutsagarri horiek, beren ezaugarriak direla kausa, gizakion osasunean eta ingurumenean dituzten ondorioak ere.

Banakako ekintzen eragin erantsien ondorioa kutsadura-maila adierazgarria dela ulertu dute gazteek gogoeta horri esker. Izan ere, galdera asko sortu dira tailerretan, hala nola: Hortaz, ez gara dutxatu behar? Galindoko ur-araztegitik irteten den ura kontsumitzekoa da? Horietako gai eta kutsatzaile batzuk ikasten ari garen taula periodikoan daude, ezta?

Baina, dena ez da teoria izan! Bi saiakuntza didaktikoren bidez, ikasleek, modu bisualago batean, kontsumoko uretako kutsagarrien arazoa (uren kutsadura) nahiz saneamendu-sareko kutsatzaileen arazoa (buxadurak, lokatzak, aparrak…) ulertu dituzte. Azpimarratu beharra dago tailerretan ikasle-talde guztien arreta eta jakingura.

Ikastaroen asmo nagusia izan da ikasleak aldaketaren oinarrizko ardatza izan daitezen, eta ikasleak beraiek, egunero harremanak dituzten pertsonen (ikasleak, gurasoak, lagunak…) inspirazio- eta kontzientziazio-iturri izan daitezen, hots, beren ingurunean ezagutzaren tutore izan daitezen.

Helburua izan da, hortaz, arazoa agerian jartzea eta ahalik eta jenderik gehieni ezagutzera ematea. Kontzientziatzeko lan hori bideratzeko, hainbat erronka proposatu dira, tailerretan eskuratutako informazioa zabaltzen has daitezen.

Horiek horrela, jarduera hauek proposatu dira:

  • Argazki-lehiaketa, kontsumoaren gaineko jardunbide egokiak ezagutarazteko.
  • Suspertzen ari diren kutsatzaileen arazoaz kontzientziatzeko infografia edo posterren lehiaketa.
  • Ikus-entzunezko lehiaketa.
    • Suspertzen ari diren kutsatzaileen arazoaz kontzientziatzeko bideoa.
    • Kutsagarriak dosifikatzeko eta saneamendu-sarera kutsagarri gutxiago irits daitezen ideia berritzaileak asmatzea.

Guztira, 53 ekarpen lortu dira. Esteka honetan daude eskuragarri: https://www.instagram.com/water_substances/?hl=es

Kategoria bakoitzean (argazki-lehiaketa, infografia-lehiaketa eta ikus-entzunezko lehiaketa) irabazle bat egongo da, Instagram-en lortuko diren “Like”en arabera.

Gogokoen alde egiteko azken eguna: 2018ko urtarrilaren 7a.

2017-12-26T12:48:35+00:00 26 December, 2017|