“Expo-retrete”, komuna behar bezala erabiltzeari buruz kontzientziatzeko erakusketa ibiltaria

  • Irunen izango da azaroaren 17 eta 19 artean Ura Kudeatzen duten Partzuergoek eta Mankomunitateek, Ura Agentziak eta Aclimak antolatua
  • Larunbatean, hilaren 18an, erakunde ekitaldia izango da eta bertan izango da Ingurumen sailburuordea, Saneamenduaren Nazioarteko Egunaren bezperan.

Hiru euskal lurraldeetako uren Partzuergoek eta Mankomunitateek, eta horien artean dago Txingudiko Zerbitzuak, Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Aclima Euskadiko Ingurumen Klusterrak “ExpoRetrete” izeneko erakusketa ibiltaria antolatu dute. Erakusketa hori hiru hiriburuetan ibiliko da eta azaroaren 17tik 19ra izango dugu Irunen.   

Ekimen honen helburua da komuna behar bezala erabil dezaten herritarrak kontzientziatzea eta toallitak, jatekoak, pintura, botikak, olioa eta gisakoak komunetik behera botatzeko praktika zabalduegiak desagerraraztea, sarri askotan nahasten baita soilik pixa eta kaka egiteko elementu hori zakar ontziarekin.

Erakusketa ibilbide elkarreragilea, ikuskaria, eta ukigarria ere bada, komuna bezalako oinarrizko eta ezinbesteko elementu batek inguruan duen guztian barrena eta komuna oker erabiltzeagatik hain ezagunak ez diren ondorioetan barrena.

Tamaina handiko iglu baten barruan egingo da erakusketa Zabaltza plazan. Guztira hamaika panel ikusgarri izango dira, gai ezberdinak aurkeztuko dituzte bideoekin lagundurik, eta ibilbideko hainbat gunetan ikusi ahal izango dira. Era berean, komikiak, puzzleak, in situ egingo diren saiakuntzak eta elementu ukigarriak izango dira, beste jarduera batzuen artean.

Hodi gardenak

Bisitariak plataforma baten gainean egokitutako komun bat aurkituko du elementu nagusi gisa, berau izango da elementu deigarriena, eta haren azpian egokitutako hodi gardenak agerian utziko ditu komunetik behera botatzen diren elementu arruntenak. Komuneko paretetako batean jarritako panel batek argi eta garbi azalduko du zertarako balio duen komunak, eta beste panel batek aukera emango du gure konketatik irteten diren eta araztegiraino iristen diren saneamendu sareko hodien benetako diametroen berri izateko.

“ExpoRetrete” erakusketari hasiera emateko, grafikoki azalduko da uraren ziklo integrala, hau da, ur tanta batek urtegian biltzen denetik itsasora iristen denera arte egiten duen bidea azalduko da; Bidasoaldean 56 ordu ematen ditu ur tanta batek bide horretan, eta etapa garrantzitsuak gainditzen ditu.

Gainera, komunetik edo harraskatik behera jatekoak, botikak, pinturak eta olioa botatzeak eragiten dituen ondorioen berri izango dute bisitariek, eta izango dute halaber “kutsatzaile emergente” deituen presentziaren berri; horiek etxeetatik etorritako konposatu kimikoak dira, itsasora iristen dira eta, arrainek irentsi ondoren, elikagaien katean amaitzen dute.

Erakusketa hori joan den azaroaren 1ean hasi zen Bilbon eta, Irunen egon ondoren, Gasteizera eta Donostiara joango da. Uraren Euskal Agentziak (URA), Euskadiko uren zazpi partzuergo eta mankomunitatek (Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa, Gasteizko Udal Urak –AMVISA-, Añarbeko Urak, Errioxa Arabarreko Ur Partzuergoa, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Kantauriko Urkidetza eta Txingudiko Zerbitzuak) 2016. urtean hasitako “No alimentes al monstruo/ Ez elikatu munstroa” kanpainaren barnean egingo da, Aclima Klusterrak koordinatuta.

Saneamenduaren Nazioarteko Eguna

Larunbatean, hilaren 18an, goizeko 11:00etan, erakusketa dela eta Erakunde Ekitaldi bat aurreikusia dago, Saneamenduaren Nazioarteko Egunaren bezperan, hain zuzen ere. Honako hauek izango dira ekitaldian: Eusko Jaurlaritzako sailburuorde Elena Moreno, Aclima klusterreko lehendakari Xabier Caño eta Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko lehendakari José Antonio Santano.

Gainera, bertan izango dira Euskadiko uraren zikloaren kudeaketaz arduratzen diren Partzuergoen eta Mankomunitateen ordezkariak, eta Uraren Euskal Agentziaren eta Aclimaren ordezkariak, beste agintari batzuen artean.

Aipatzekoa da Nazio Batuen Batzar Nagusiak, 2013. urtean, erabaki zuela azaroaren 19a Komunaren Munduko Egun izendatzea Saneamendua Guztientzako ekimenaren testuinguruan, edateko ur eta oinarrizko saneamendu zerbitzuak iraunkorrak izateak duen garrantziaren inguruan kontzientziatzeko kanpaina baten barnean.

Erakusketa honako ordutegi honetan ikusi ahal izango da Irunen: goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 16:00etatik 20:00etara.

2017-11-13T17:22:31+00:00 13 November, 2017|