‘EXPO-RETRETE’ DONOSTIAN, “KOMUNA EZ DA ZAKARRONTZIA” GOGORARAZTEKO

  • Erakusketa Boulevard-eko kioskoaren ondoan egongo da ikusgai azaroaren 29tik abenduaren 3 arte, eta Garberako merkatal gunean abenduaren 5etik 11 arte 
  • Añarbeko Urak-ek, Euskadiko beste ur-kontsortzio eta -mankomunitateek, ACLIMA Ingurumenaren kluster-ak eta Ur Agentziak bultzatutako ekimena da

 Gaur hasi eta abenduaren 11 bitartean Donostian ikusgai egongo da “Expo-retrete” erakusketa, alegia, etxeetako komunak modu egokian erabiltzeak duen garrantzia biztanleen artean zabaldu nahi duen erakusketa ibiltaria. Añarbeko Urak-ek, Euskadiko beste ur-kontsortzio eta -mankomunitateek, ACLIMA Ingurumenaren klusterrak eta Ur Agentziak bultzatutako ekimena da.

“Guztiok jakitun izan behar gara toailatxo hezeak, koipeak, botikak, janariak, disolbatzaileak edo beste gai batzuk komunetik edo arraskatik botatzeak ingurumenean kalte handiak eta gainkostu ekonomiko handiak eragin ditzakeela”, adierazi du Añarbeko Uren Mankomunitateko presidente den Maije Zelaiak.

“Komuna ez da zakarrontzia” da erakusketaren leloa eta karpa puzgarri baten barruan dago kokatua. Bertan, panelak, bideoak, maketak eta elementu elkarreragileak daude, komuna modu ez egokian erabiltzeak saneamendu-sarean izan ditzaken ondorioak erakusten dituztenak. Adibidez, erakusketa honetan ikus daiteke nola desegiten edo deskonposatzen diren uretan mota ezberdinetako toailatxo hezeak; horretarako erakusketak irauten duen bitartean, horiek urez betetako kristalezko ontzietan sartzen dira.

Ekimen hau “Ez elikatu munstroa” kanpainan barruan jasota dago, zeina “Hiritarren ohiturak eta kutsatzaile emergenteak” izeneko proiektuak bultzatua izan den. Kanpaina horrek urtea pasata darama komunetik elementu desegokiak botatzeak eragiten dituen arazoak jakinaraziz.

Euskadin, urtero 2.400 tona toailatxo (beste hondakinekin batera) isurtzen dira komunetik saneamendu-sistemetan kalte garrantzitsuak eraginez. Aipaturiko produktuek butxadura eta matxura larriak eragiten dituzte saneamendu-sarean, eta instalazio horien kudeaketan milioi bat eurotan balioztatzen diren gainkostuak sorrarazi, nola ponpatze-estazioetan hala hondakin-uren araztegietan.

2017-11-27T12:26:28+00:00 27 November, 2017|