Euskadin ura kudeatzen duten erakundeek lanean jarraitzen dute jendeak komuna ondo erabil dezan.

Azaroaren 19an, Komunaren Nazioarteko Eguna dela eta, komunera isurketa desegokiak egiteak dituen ondorioak gogorarazi dizkiete Euskadiko ura kudeatzen duten erakundeek herritarrei, eta ohitura arduratsuagoak sustatzen dituzte, isurketa horiek saneamendu-sarean buxadurak sortzen segi ez dezaten.

Horretarako, Euskadiko ur-partzuergoek, beste 137 erakunderekin batera, bat egin dute AEASek (Ur eta Saneamendu Hornikuntzen Espainiako Elkartea) proposatutako ekimenarekin, komunera botatzeko egokiak ez diren produktuei buruz sentsibilizatzeko.

Kanpaina honetan, toallatxo hezeak eta beste produktu batzuk gure komunetatik botatzeak dituen ondorio kaltegarriak nabarmendu dira. Jokabide horrek ingurumen-arazo larriak sortzen ditu, hondakin-uren isurketengatik, eta, batzuetan, toallatxoak gure ibai edo hondartzetan ere agertzen dira. Gainera, adierazi du buxadurak sortzen dituztela gure etxeetan eta auzo-komunitateetako hodi-zorrotenetan, bai eta azpiegitura publikoetan kalte handiak ere, hala nola estolderia-sareetan, ponpatze-ekipoetan eta hondakin-uren araztegietan.

AEAS erakundeak adierazi du arazo horrek eragin ekonomiko handia duela, urtean 4-6 euroko gainkostua pertsonako, eta % 10-15 garestitzen dituela hondakin-urak mantentzeko, tratatzeko eta arazteko jarduerak. Espainian, urtean 230 milioi euroko gainkostua eragiten du, gutxi gorabehera.

Arazo horren aurrean, berriz ere gogorarazi behar da komunetik 3 P-ak baino ez direla bota behar (ingeleseko pee, poo eta “toilet” paper): alegia, gernua, gorozkiak eta komuneko papera —UNE 149002:2019 araua betetzen duten produktuak—. Alde horretatik, azpimarratu behar da toallatxo guztiek eta norberaren garbitasunerako produktu orok argi eta garbi etiketatuta egon behar dutela, eta paperontzian edo zaborrontzian bota behar direla. Toallatxoak eta norberaren garbitasuneko produktuak fabrikatzen dituzten enpresek informazio argi eta zehatza eman behar diete kontsumitzaileei hondakinak botatzeko moduei buruz.

 

  • “No alimentes al monstruo/Ez elikatu munstroa”

Euskadin, Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Euskadiko zazpi partzuergok eta ur-mankomunitatek (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Gasteizko Udal Urak AMVISA, Añarbeko Urak, Arabako Errioxako Uren Partzuergoa, Busturialdeko Ur Partzuergoa, Kantauriko Urkidetza eta Txingudiko Zerbitzuak), Aclimak —Basque Enviroment Cluster— koordinatuta, urteak daramatzate elkarrekin lanean arazo honi aurre egiteko eta herritarrak gai honi buruz ohartarazteko, #No alimentes al mostruo/ Ez elikatu munstroa kanpainaren bidez.

Kanpainaren helburua da gizartea gehiago kontzientziatzea, eta, horren ondorioz, jardunbide eta ohitura arduratsuagoak hartzea, jakinik komunak ez duela dena xurgatzen, eta, azken finean, herritarrek, sortutako arazoaren ardura-puntu bat izateaz gain, beren esku dutela konponbidearen zati handi bat, hots, ohitura desegokiak aldatzea.

Informazio gehiago: www.munstrowc.eus

2019-11-19T12:30:35+00:00 19 November, 2019|