Donostiako EASO Politeknikoak bat egin du “Ez elikatu munstroa” kanpainarekin

Prestakuntza-arlo batzuetako zenbait ikasle jardun dira kutsatzaile berriei buruzko tailerretan.

Bitxigintza Artistikoa, Anatomia Patologikoa eta Zitodiagnostikoa, Aho Hortzen Higienea, Ingurumen Hezkuntza eta Kontrola, Haur Hezkuntza eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonentzako Arreta prestakuntza-zikloetako ikasleek saneamendu-sarean —alor profesionalean nahiz etxekoan— substantzia kutsatzaileez egiten den erabilerari buruzko kontzientziazio-tailer batzuetan hartu dute parte.

“Herritarren ohiturak eta agertzen ari diren kutsatzaileak” proiektuak antolatuta eman dira tailerrok. Euskadiko uraren erakunde publikoen sarea partaide du proiektuak; koordinatzailea, berriz, Aclima (Euskadiko ingurumen-sektorearen klusterra).

Hamazazpi urtetik aurrera hasten gara gizakiok geure iritziak sortzen eta zenbait gairi buruz jarrera kritikoak hartzen, bai norbanako, bai talde gisa. Horregatik nahi zaie ikasleei ingurumen-egoera erakutsi eta ingurunearen ikuspegi “berdeagoa” eskaini, etorkizunean beren eguneroko jarduera ekologistagoa izan dadin eta joera kontsumistan aldaketa txiki batzuk egin ditzaten, jarrera kritikoa izan dezaten beren inguruko errealitateaz eta beren ideiekin bat etorriz jardun dezaten, bai alor profesionalean, bai pertsonalean.

Etorkizunean ikasleek egingo dituzten praktika profesionalak aintzat hartuta antolatu dira tailerrak, eta saio bakoitzean eduki desberdinak landu dira, zegokion blokearen arabera:

  • Osasunarekin erlazionatutako prestakuntza-zikloak

Osasun-laguntzaren sektoreak asko kutsatzen du ingurumena. Nahiz eta hondakinak bereizi, ospitaleetako hondakinak eta hondakin sanitarioak erraustean neurotoxikoak ugaritu egiten dira, merkurioa, beruna, kadmioa eta dioxinak aireratzen baitira.

 

Gainera, ospitaleetako instalazioetan zenbait produktu erabiltzean (botikak, desinfektatzaileak) eta prozesu egitean (garbiketa, esterilizazioa…), ingurumenerako eta osasunerako arrisku batzuk sortzen dira.

 

Horregatik, ezinbestekoa da sektore horretako etorkizuneko profesionalei zenbait gairi buruzko heziketa eskaintzea; hala nola kutsatzaile berrien kantitate handirik ez duten produktuen aukeraketa, fitosanitarioen erabilera egokia, eta garbitzeko eta desinfektatzeko produktuen dosi egokiak.

 

  • Ingurumenarekin eta hezkuntzarekin erlazionatutako prestakuntza-zikloak

Ingurumen-hezkuntzako eta -kontroleko jarduerak garatzeko prestatzen ari direnek, adibidez, gaur egungo ingurumen-arazoen inguruan egunean egon behar dute, errealitatearen berri eman dezaten eta ingurunea babesteko borroka eraginkorragoa izan dadin, errealitatetik gertuagokoa.

 

  • Produktuen diseinuarekin eta fabrikazioarekin erlazionatutako prestakuntza-zikloak

Ekodiseinuak, material jasangarrien enpleguak eta toxikorik gabeko produktuen erabilerak gero eta indar handiagoa dute diseinuaren eta fabrikazioaren industriaren munduan. Horregatik, funtsezkoa da sektore horretako etorkizuneko profesionalak ingurumen-jardunbide egokietan heztea eta erakustea zeinen garrantzitsua den ingurumena errespetatzen duten substantziak eta materiak erabiltzea, etorkizunean beren jarduera profesionala jasangarria izan dadin eta ingurumenean eta giza osasunean inpaktu txikia eragin dezan.

Tailer horien ideia nagusia da ikaslea izatea aldaketaren ardatz eta ikaslea bera izatea inspirazio- eta kontzientziazio-iturri bere inguruko pertsonentzat eta egunero berarekin elkarreraginean jardungo dutenentzat (ikasleak, familia, lagunak…), bai eta etorkizuneko lan-ingurunean ere; hau da, ezagutzaren tutore izatea bere ingurunean. Arazoa gehiago bistaratzea eta jende gehiagorenganaino iristea, hori da xedea. Horretarako, helburu hauek ezarri dira:

  • Lehentasunezko substantziak eta kutsatzaile berrien gaur egungo arazoa deskribatzea.
  • Kutsatzaile berrien sorrera bultzatzen duten ohiturak eta joerak bereiztea.
  • Zer alternatiba dauden jakitea.
  • Jarrera kritikoa izatea kutsatzaile berriekiko, eta horietaz gogoeta egitea.

Zentroan tailerrak eman eta gero, erronka batean parte hartzea proposatu zitzaien ikasleei: tailerretan adierazitakoaren ideia jasoko zuen dokumentu bat egitea (testua, argazkia, bideoa, infografia edo kartela). Hona hemen emaitza batzuk.

2018-04-23T10:00:44+00:00 23 April, 2018|